“Ley del Vascuence” PIKUTARA

Iragan ostegunean Nafarroako Parlamentuaren aurrean, elkarretaratzea egin genuen.

“Vascuencearen Legea” delakoa 25 urte betetzear den honetan elkarretaratzea egin du EHEk Nafarroa Garaiko Parlamentuaren aitzinean. Heldu den abenduaren 15ean beteko du mende laurdena nafarron hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen lege menderatzaileak eta horren aurrean ekimen dinamika abiatu du EHEk ‘euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea’ lelopean.
Hurrengo egunetan hamarnaka islada izango ditu gaurko elkarretaratzeak Nafarroa Garaian zehar, eta elkarretaratzeak ez direnak ikusteko aukera ere izango dugu. Gaurkoan bezala, hurrengo ekimenetan ere euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna eta Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean ezinbestekoak diren kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabeak aldarrikatuko ditugu. Areago, euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin eta gurekin batera herri euskaldunaren ade bultza egiteko deia luzatzen diegu herritarrei.

EUSKARAZ BIZIkleta MARTXA

Ezabatu eta euskaraz bizi ekimenari hasiera emateko, bizikleta martxa egin du EHEk asteburuan Burlatatik Arrosadia auzora. Gune beltzak markatu eta euskaraz bizitzeko aldarria zabaldu dute hogei euskaltzale inguruk. Elkarretaratzearekin bukatu dute ibilbidea.

Bizikleta martxaren helmuga
Bizikleta martxaren helmuga


Burlatako (Nafarroa) Euskal Herria peñan hasi dute martxa. Lehenbizi hamaiketakoa hartu, eta, ondotik, hogei lagun inguru abiatu dira bizikletan. Lehenbizi Burlatako Lanbide Heziketako ikastetxe erdaldunean gelditu dira. “Lanbide Heziketa Euskaraz” margoketa egin dute, eta “asimilazioaren aurrean ezabatu eta euskaraz bizi” pankarta paratu. Bigarren geldialdia Atarrabiako osasun etxean egin dute. Kartelez josi dute eta EHEren logotipoa marraztu dute sarreran.

Txantreara ailegatu dira gero, eta han istilu txiki bat izan dute euskaltzaleek. TIL eredua eskaintzen duen Doña Mayor ikastetxean pankarta jarri dutelarik, lau guraso inguru oldartu egin zaizkie. Pankarta aizturrekin moztu dute, eta poliziari deitzeko mehatxua bota diete. Gainera, sakeleko telefonoarekin argazkiak atera dizkiete bizikleta martxan parte hartzen ari ziren euskaltzaleei. Eskola uztekotan zirelarik, EHEren bandera bat lurrera bota die gurasoetako batek.

Atarrabiako osasun etxea
Atarrabiako osasun etxea

Dena den, aurrera jarraitu du bizikleta martxak. Antsoaindik pasa eta Errotxapea auzoko TIL ikastetxean geratu dira, “TIL kanpora” eta “euskaraz bizi” leloak margotzeko. Txantreako lau lagunen jarrera lotsagarriaren ondotik, animoak eta txaloak jaso dituzte txirrindulariek. Izan ere, alde zaharrean ‘Iruñean kantuz’ ekimeneko kideekin egin dute topo. Hauek, kantua bukatzearekin batera, lekua utzi diete bizikleta martxako parte hartzaileei, eta txalo artean jaso dituzte. “Euskal Herrian euskaraz!” oihuak ere aditu dira Estafeta karrikan.

Zabalgunea zeharkatu eta, azkenik, ailegatu dira Arrosadia auzora. Han Euskaraz Bai eguna ospatzen ari ziren. Haur eskolek euskalduntzen ez dutela salatzeko antzerkitxoa egin dute, eta, ondotik, Mihigorri agertu da, erdal eredua duen haur eskola berrian EHEren logotipoa marrazteko.

Bizikleta martxan eskuorriak banatu dira, azaroaren 10ean eginen den elkarretaratzearen berri emanez. “Euskal Herrian Euskaraz!”, “euskara ofiziala Euskal Herri osoan”, “euskaraz bizi nahi dugu!”, “Barcina entzun Nafarroa euskaldun!”, “euskaraz bizi, bizi, bizi, kleta”, eta “euskara hizkuntza ofiziala!” oihuak aditu dira Iruñerriko karriketan barrena, eta hizkuntza paisaia erdalduna ezabatzen ibili dira.

Euskaraz bizi nahi dut

EUSKARAZ BIZI NAHI DUT

http://vimeo.com/31546849