Nor gara?

Euskal Herri euskalduna: Euskararik gabe ez da Euskal Herririk, ezta euskararik Euskal Herririk gabe. Hizkuntza eta nazioaren arteko lotura argia izanik, Euskal Herri euskalduna lortu bidean indarrak jarriak ditugu.

Bide horretan bi zeregin nagusi ditugu, normalizazio eta hizkuntzaren aurkako zapalkuntzari aurre egin eta erantzutea batetik, eta Euskal Herri Euskaldunaren bidean egitasmo zein dinamikak eraikitzea elkarlana bultzatuz, bestetik.

Gaur gaurkoz, euskaldunok, ez dugu gure hizkuntzaren etorkizuna erabakitzeko eskubiderik Euskal Herrian; hau da, euskaldunok ez gara euskarak behar duen aldaketa libreki eta inongo eskusartzerik gabe erabakitzearen jabe. Hori, euskararen ofizialtasuna nahi ez duten botere publikoek erabakitzen dute.

Aldiz, badakigu Euskal Herriaren berreuskalduntze prozesu honetan, hizkuntzaren etorkizuna gure esku behar dugula izan eta horretarako, beharrezkoa izango dugula horren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea eta gaitasuna; beharrezkoa izango dugu guk geure hizkuntzaren nondik norakoak arautzea; beharrezkoa izango dugu hizkuntza burujabetza.

 

Ofizialtasuna: Euskal Herria euskalduna helburu izateak, tartean beste batzuk lortzea eskatzen du. Urte hauetan euskararen ofizialtasunaren aldarria zutabe nagusia izan da, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko ezinbesteko neurri gisa planteatuz. Euskararentzat estatus legal bakarra lurralde osoan lortzea beharrezko urratsa da euskararen normalizazio osoa erdiesteko. Hizkuntza komunitatearen begirunea eta onarpenetik abiatuta, euskaldunok gure eskubideak babesturik ikusi nahi eta behar ditugu. Eskubide berdintasunetik abiatzea da tarteko urratsa, baina ezinbestekoa. Izan ere, egun tope legalak izugarriak dira gauden lurraldean gaudela. Esaterako, Euskal Herrian arropa ekoiztuko bagenu eta gure merkatua Euskal Herriko lurraldeetan soilik euskarazko etiketajez jarri nahiko bagenu, legea hautsiko genuke. Aldiz, Zaldibian edo Gasteizen gaztelera hutsezko etiketak topa ditzakegu, edo frantsesez soilik Kanbon. Honelako hamaika adibidek gure herrian euskaraz bizitzeko ezintasuna erakusten du.

Ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena azken urte hauetan etengabea izan da. 1980an Bilbon 10.000 lagunek euskara ofiziala aldarrikatu zuten. Urte hauetan eskaerak segida izan du eta Iruñean duela lau urte 5.000 lagun bildu zituen EHEk euskararen ofizialtasun osoa aldarrikatzeko. Honen atzetik beste makina bat ekimen etorri da, esaterako, Baionan hasi, Euskal Herria zeharkatu, herriz herri iragan eta Bilbon manifestazio jendetsu batekin amaiera izan zuen martxa, hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat: ofizialtasuna lelopean. Gerora Gasteizen manifestazio jendetsua ere egin zen eta gogoan hartu behar da ere 2002.ean euskalgintzako eragile andanekin antolatu ziren jende kateak, hiru administraziotatik etorritako euskaltzaleak, Behobiako Pausuan bilduz.

Baina hau ere eskuratu bitartean, bada zer egin, salatu eta aldarrikatu. Ofizialtasuna modu praktikoan gauzatzeko bideari ekiten dio EHEk, hizkuntza eskubideak urratzen dituena salatuz eta bermatu bitartean borrokatuz, bere sorreran bere burua hornitu zuen baliabide berberekin.

Eta ildo horretan kokatu behar dira lantzen diren eremuak edo esparruak:

Irakaskuntza: euskal herritar orori dagokion eskubidea da. Azken hogei urteetan euskararen ezagutzak ez du aurrera egiten. Euskalduntzea eskubidea den heinean, bide eta aukera guztiak ahalbidetu behar dira belaunaldi berriak, etorkinak zein eskolak kaltetutako herritar guztiak beren eskubideen jabe izan daitezen. Beraz, urte luzetan euskarak jasan duen bazterketa eta zapalketari aurre eginez, urrats eraginkor eta atzeraezinak emateko garaia da. Euskalduntzea helburu izango duen irakaskuntza sistemaren alde egiteko garaia da.

Alta, edozein proposamenek honakoak izan beharko dituela kontuan uste du EHEk:

–          Eredu bakarra eta euskalduna. Euskararen etorkizuna bermatu behar bada, ezinbestekoa da herritar guztiek euskara ezagutzea eta, bide horretan, guztiz beharrezkoa da belaunaldi berrien euskalduntzea helburu izango duen hizkuntza politika eta berau arautuko duen euskararen legea. Benetako helburua euskalduntzea izanik, irakaskuntza indarrean jarri daiteken planteamendu zehatz eta arautua behar dugu. Euskalduntzeko eta euskaraz ikasteko dugun eskubidea ardatz izanik, eredu bakarra behar dugu eta euskalduna. Izan ere, urte luzetan euskarak jasan duen bazterketa eta zapalketa kontuan izanik, ezinbestekoa da lehentasunezko trataera ematea gure hizkuntzari bere lurralde osoan.

–          Hezkuntzako langile guztiak euskaldunak. Erabakiak eraginkorrak eta orokorrak izan behar dira, hezkuntza sistema osoari eragingo diotenak. Beraz, euskarazko irakaskuntza bada gure helburua ezinbestez irakasle guztiak euskalduntzeaz gain, langile guztiak euskaldundu beharko dira.

–          Euskalduntze plan eraginkorrak. Euskara ezagutu eta erabiltzeaz gain, euskara hezkuntza administrazio eta ikas zentroetako lan eta bizi hizkuntza bihurtu behar da. Horretarako, guztiz beharrezkoak izango dira normalkuntzarako plan eraginkorrak adostu, abian jarri eta betetzea. Baita plan horiek ahalbideratuko dituen euskararen legea eta beharrezko diren bitarteko eta euskarri guztiak eskura gai izatea ere.

–          Langile berri guztiak euskaldunak izatea. Hezkuntza sistema euskalduntzeko eta euskalduntzeko eskubidea guztiz bermatzeko, ezinbestekoa da langile berrien kontratazioetan euskararen ezagutza betebeharra izatea.

–          Irakasle eskolak euskara hutsez. Hezkuntza sistema euskaldundu behar badugu eta horretarako langile euskaldunen kontratazioa ezinbestekoa bada, irakasle euskaldunak sortzea behar beharrezkoa da.

–          Euskaldundu ez direnekiko neurriak. Egun herritar ugari dira hezkuntza sistemak euskaldundu ez dituenak eta herritar horiei ere beren euskalduntzeko eskubidea bermatu egin behar zaie. Batetik, herritarrak euskalduntzea helburu izango duen plan serio eta eraginkorra abian jarriz eta, bestetik, euskara ezagutzea eskubidea den neurrian, doakotasuna aplikatuz.

 

1992an eskubide hau aldarrikatu eta Gasteizko Gobernuak hezkuntza politika salatzeko 8.000 lagun bildu ziren. A ereduaren aurkako kanpaina ere gogoratu behar da. Hauts ugari harrotu arren, gerora argi erakutsi da ereduen gaindipena ezinbestekoa dela. Honekin batera, beste eragile batzuekin euskara eskubidea eta abantaila kanpaina burutu zen; 2002.ean eskolak euskaldundu behar du kanpainaren bidez, adostasun zabala lortu zuen EHEk eragile eta herritar ugariren eskutik. Gauzak horrela, sinadura bilketa baten bidez, 107.698 lagunek eman zioten babesa kanpaina honi 2005ean eta hurrengo urtean, Donostiako kaleak hartu zituen aldarrikapen honek, 2000 lagun inguru batuz.

Administrazioa: gure herrian administrazio ugari dago eta baita bertatik eratortzen den hamaika zerbitzu ere: osasun, justizia, udal, foru, ogasun, polizia, epaileak, fiskalak, erizainak, lan bulegoak eta abar. Baina oro har esan genezake hauekin euskaraz egitea oso zaila dela, kasu askotan eta askotan ezinezkoa. Epaileen aurrean gure burua erdaraz defendatu behar dugu edo kasurik onenean itzultzaileaz, arrotzak bagina bezala. Bestalde, osasun arazoak direla medio, erdaraz sendatzera kondenatzen gaituzte. Eta udaletan? Hauetan ere euskaraz bizitzea oraindik egi bihurtu ez den errealitatea dugu. Eta ez hori bakarrik, hauek euskalduntzeko plan eraginkorrak, hau da, delibero edo udal ordenantzak ez dira existitu ere egiten askotan. Hori dela eta, Aldarrikapen Taula osatu zuen EHEk azken honi loturik. Alkateei dagokienez, herrien ordezkari nagusi izanik, ezinezkoa da hauek euskara ez ezagutzea. Era berean, gure azken geltokia UEMA dela adierazi behar dugu.

Nabarmendu behar da ere udalei begira egindako lana eta borroka. 1987an euskara benetan gure udaletan lelopean, hainbat udaletxe okupatu ziren. Kanpaina hau geroago udalerri euskaldunen mugimenduaren aitzindari izango zen, urtebete geroago hainbat udalerri euskaldunetan mozioak aurkeztuz, euskaraz bizitzea erabaki zutelako. Bi urte geroago UEMA sortu zen. 2008aren martxoaren 1ean, aldiz, manifestazioa burutu zen Ziburutik abiatuta, “herriz herri, Euskal Herri euskalduna eraiki!” lelopean, Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuako udal hauteskundeen kari, eta Euskal Herriko udaletan euskararen bermea eman zedin exijituz.  Azken urte hauetan justiziaren arloan ere aldarrikapenak egin ditu EHEk. Epaiketak ebatzi dira, itzultzaileak ez onartuz, erdarazko zitazioak itzuliz… Gainera, Gernikako epaitegiari 2.000 herritarrek intsumisioz erantzun diote. Ez dira bertara agertuko, haien hizkuntza eskubideak bermatu artean. Osasun munduan ere, azpimarratzekoa da azken urteotako salaketa, zeinak 2002. urteko oposizioetan indarra hartu zuen, zenbait euskaltzalek azterketak oztopatu eta aztoratu baitzituzten.

Normalizazio lanaz: ildo nagusi hauekin batera, EHE normalizazio prozesuan buru belarri dabil euskalgintzako beste hamaika eragilerekin batera. Azken urte hauetan gainera, Kontseiluaren sorrerarekin batera, normalizazio planak bultzatu dira herrietan eta baita nazio mailan ere. Esan beharra dago hauen balioa izugarria dela, azken batean, ofizialtasuna modu praktikoan martxan jartzeko formula ezin hobea delako eta gainera, lortu nahi dugun aldaketa soziala ahalbidetzea dakar. Normalizazio planetan ahalik eta eragile sozial, politiko eta sindikalekin batera, herritarren parte hartzea bultzatu behar da.

Hastapen urtean jada Donostiako Eusko Kontseilu Nagusian itxialdia egin zen euskararen normalizazioa lortzeko plangintza eskatuz. Eta urteak joan ahala bultzada sendo bat emateko oroitu behar da 1998. urtean burutu zen Bai Euskarari ekimena. Euskal Herriko bost estadio euskaltzalez lepo bete genituen, 130.000 euskaltzalez hain zuzen ere, normalizazio prozesuak beharrezko zuen bultzada osoa eman asmoz. Ordutik normalkuntza planak bultzatu dira eskualde eta herri askotan, Kontseiluaren eskutik.

 

Erasoei erantzun:  ildo nagusiak hauek direla jakinik ere, ezin da ahantzi euskara eta euskaldunok ez gaudela testuinguru neutral batetan kokatuta. Gure herriak, komunitateak eta hizkuntzak jasan beharreko erasoak bata bestearen atzetik etorri izan dira, egun bezalaxe. Mota askotakoak eta garaira egokituak, baina egituran komunak diren ezaugarriekin: euskalgintzaren ekimena oztopatu eta boikotatu; normalizazio prozesua geratu; urratsak indargabetu; zatitzen gaituen egitura juridikoa indartu eta babestu; euskararen aurkako neurriak hartu; mendeetako zapalkuntzari segida eman; eskolaren erabilpena erdara inposatzeko; euskalgintzaren kriminalizazioa…

 Hamaika izan dira zapaltzen gaituzten legedien aurkako mobilizazioak. Vascuencearen Legearen aurka urtez urte manifestazio jendetsuak egin dira. Ezin ahaztu ere 1994an euskararen aurkako erasoak salatzeko EHEko hiru kide larru gorritan sartu zirela Arabako Biltzar Nagusietan. Eta honela, gaur arte, erasoen salaketa etengabe egin da, euskararen etsaien aurrean askotan eta egoera estrukturala mantentzearen aldekoak salatuz besteetan. 2002an EHEko bi kidek Miguel Sanzen hitzaldi bat moztu zuten bere politika salatzeko. Urte berean beste hiru kide Ibarretxeren aurrean jarri ziren ofizialtasunaren ukatzailea lelopean. 2006ko abenduan, Vascuencearen Legearen urteurrena zela eta, manifestazioa burutu zen ofizialtasunaren alde Iruñeko kaleetan, milaka lagun batuaz. 2008an berriz, abenduaren 3an Euskararen eguna ospatzearekin Lakuak aurreikusia zuen ekitaldian Euskal Herri euskalduna eraikitzen joateko beharraz ohartarazten zen esku-orria banatu zitzaion eskura Ibarretxeri eta ekitaldia eten zen.

Eta noski, EHEk guzti horiek salatzeko ahalegina eta lana egiten jarraitzen du. Esan bezala, bere esku dauden baliabide guztiekin. Izan ere, euskararen interes eta beharrei heldu behar diegu, inongo beldurrik eta baldintzapenik gabe. Nahi eta behar duguna ozen agertzea da bidea, hau da gure bokazioa. Ohizkoak izan dira urte hauetan mobilizazioak, salaketa ekimenak, agerpenak, herri eskaerak, desobedientziaren gaineko praktika eta abar. Baina baita, beste sektore eta eragileekin batera egindako elkarlana ere. EHE beti egon baita eta egongo baita euskara normalizatzeko urratsak emateko prest den ororekin elkarlanean aritzeko.

Euskararen erabilpenaz: azkenik, ez genuke bazterrean utzi nahi ere euskararen erabilpenaren garrantzia. Askotan euskaldunoi leporatu izan zaigu guk ez dugula gure hizkuntza nahikoa erabiltzen, gure utzikeriak eraman duela euskara dagoen lekura eta gezur horrek eraman izan gaitu erabilpena lehentasunezko ardatz gisa hartzera, beste esparruen gaineko balioa emanez. Baina adibideek kontrakoa erakusten dute: zein aukera du pertsona batek euskaraz lan egiteko lanbide horren prestaketa osoa erdaraz egitera behartu dutenean (Lanbide Heziketan edo unibertsitatean)? Nola mintzatuko da herritar bat euskaraz administrazioko funtzionario batekin, autobuseko txoferrarekin, zinemako takileroarekin, sendagilearekin, postariarekin… hauek ez dakitenean?

Erabilera oso garrantzitsua da, baina berau sustatzea ez da soilik euskaldunon bizkarra zigortzea. Erabilera sustatzea euskaraz bizitzeko aukerak sortzea ere baita: ikasketak euskaraz burutu ahal izatea, hedabideak euskaldunak izatea, sendagile edo epaile euskalduna izatea… Hori gabe, euskara erabiltzeko oso eremu txikia izaten jarraituko dugu.

29 urte luze joan dira eta ez alperrik. Urteotako esperientziak, borrokak, lanak eta esfortzuak emaitzak ekarri dizkigu. Egia da euskararen egoera gogorra dela eta aldaketa sakonak behar ditugula egoera hori iraultzeko. Baina orain arte bezala, euskaltzaleok bildurik, euskarak behar duena aldarrikatuz eta landuz eta batez ere, egunerokotasunean irmoki aritzeak ekarriko digu etorkizun oparo bat. Ziurtasun horrekin jarraitzen dugu. Zuk ere bat egizu euskararen aldeko borrokarekin eta hizkuntza eskubideen aldeko defentsan. EHEk horretarako tresna eskaintzen dizu.

Utzi iruzkina